Hemengo askok gurasoengandik, eta haiek euren gurasoengandik, jaso dugu euskara. Jakina, gure aurreko gehienek ez zuten-eta Uribe edo Txorierriko muga gainditu.
Beste asko kanpotik etorri gara eta, hala ere euskarara batu gara.
Bagara batzuk, txikitan ikasi ez, baina gaur egun euskaldunak garenok.
Eta hainbat, etxean edo eskolan ikasi arren, lagunekin edo bikotearekin erderaz ibiltzeko ohitura izan dugunok, harik eta egun batean, euskarara bildu garen.
EUSKALDUN IZATEA HAUTUA DELAKO.
Batzuk alfabetatu behar izan gara, lotsak albo batera utzita.
Beste batzuk zailtasunak eta konplexuak gainditu behar izan doguz, lehenengo hitza esan orduko.
Eta besteok legeak baino zurrunagoak diren ohiturak apurtu behar izan doguz, lagunekin mintzatzeko.
ZEREN EUSKALDUN IZATEA HAUTUA DA.
Hizkuntzaren bitartez buruhausteak, bizipozak eta ametsak gorpuzten doguzelako. Hizkuntzaren bitartez pentsamenduaren mapa marrazten dogulako. Hizkuntzaren bitartez mundua izendatzen dugulako.
Zelan bestela esango genuke: landamiñe, kakarraldo, orbizta, antsonekoa, enebadatxu, zorripiztiak, emoiozu gatza!
Zelan adieraziko genuke maitasuna: potxola, laztana, señe, pitxin, pinpirin… esaten jakingo ez bagenu,
Zelan kantatuko genituzke Mikel Laboa edo Izaroren abestiak…
Zelan ulertu, sortu, leitu edo errepikatuko genituzke poema ederrak,
Leire Bilbaoren tiki-taka hau bezalakoak
Erlojuaren tiki-taka
Euria bezala tantaka
Segundoak erortzen zaizkit
Eta minutuak doaz hegaka.
Bederatziak direla!
Berandu gabiltzala!
Bizkor ibiltzeko, azkar ibiltzeko
Mundu guztia tarrapataka
Zertarako? Zertarako?
Bihar 24 ordu barru
Ez al da ordu bera izango?
BERAZ, EGIN DEZAGUN DANOK EUSKARAREN ALDEKO HAUTUA, ETA GOZA DEZAGUN