Aurten, 2025eko urte honetan,
Urdulizko Euskera Taldea zena
berrindartu eta ostera martxan jartzeko
ekinean gabiltza.
Orbizta beharra zeukan,
indarberritu, bizkortu, suspertu.
Eta asmo eder horrekin,
adoretsu gatoz.
Badaukalako gure hizkuntzak,
herriz herri eta maila guztietan
erabilera areagotzeko, gure premia.
Erdu eta batera bultzatuko dugu!
2025eko apirilaren 1ean
Urdulizko Euskera Taldeak kultur ekintzak antolatuz ekin zion euskararen alde, hamabost bat urtez, 1990. urtetik aurrera. Bere kideak, lehendik ere, euskararen alde bertso saioak antolatzen, AEKrekin lankidetzan eta Urdulizko jaien antolakuntzan ibilitakoak genituen. Urteetan zehar, herri ekimenon eskutik heldu ziren gurera Maialen Lujanbio, Iñaki Murua, Millan Telleria, Xabier Amuriza, Angel Mari Peñagarikano, Jon Enbeita, Ireneo Ajuria, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta hainbat gehiago. Orrialdea betetzeko beste bertsolari.
Emanaldi eta mintzaldien artean nabarmentzekoak, Beñat Larrinaga, Jon Arretxe, Josu Bereziartua, Mari Karmen Garmendia, Jose Luis Goirigolzarri, besteak beste. Iñaki Gaminde Terraza taldekidearen kemenez, Urdulizen izan genituen Alfontso Irigoien, Txilardegi, Andres Urrutia, Eneko Barrutia, Andolin Eguzkitza eta beste hainbat euskalari handi, UETak antolatutako Jardunaldien zuzuan. Ez zen gutxiagorako izan, Santamariñe aldizkariaren ekimenez, inguru osoko familengana posta bidez egindako euskararen zabalkundea; bi mila aleko tirada izan zuen. Bizarra Lepoan, gero UK eta gaur egun Hiruka denaren aurrelariak izan ginen.
Aipagarri diren beste mugarri batzuk: Jata, Gorbeia eta Aizkorri mendietara igotzea, pankartak, pintaketak, kamisetak, pegatinak, erromerietako txosna, Euskal Txokoa lokala, Anje Duhalderen jaialdia, Sagardo jaia... Eta gehiago luzatzeko gairik egon arren, amaitzeko, bi libururen argitalpena aipatuko dugu: Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu eta Sopelako euskaraz, Bene eta Eukene Markaida ahizpen eta Iñaki Gaminderen egiletzapean sortuak.
Oinarri handi horren ostean dator gaur, aldaketa bizian daukagun Urduliz honetan, berriro euskararen aldeko ahaleginean elkartzea. Berriz eta berrituz, gure etorkizuna euskaraz eraiki gura dugu. Eta horretan, izen berezia aukeratu diogu elkarteari: ORBIZTA.
Udaberriro natura orbiztatzen zaigun erara, euskal kultura orbiztatzera dator euskaltzaleon jarduna Urdulizen. Proposamen berritzaile eta euskaldun gogotsuz indarberritzera doa aspaldiko Euskera Taldea zena. Neguari kili-kolo eutsi dion bizitzak bere lekua eskatzen du heldu berri dugun udaberrian. Hor, geu ere, euskaldungoa orbizta dadin, bata besteenganako zubiak eraikitzen ahaleginduko gara. Erein eta landuz, euskararen loraldia bistan da.
Esku artean, martxan ditugu honezkero Berbalagun taldeak, Berbatxangoak, Irakurle txokoa eta Topakanta saioak. Txiri-txiri, ekimen berriak bultzatzea, denon arteko lankidetzaz izango da errazago. Parte hartu eta egin zaitez Orbizta kide.
Aupa euskaldunok! Aurrera Urduliz!
Orbizta Euskera Elkartea